Onintza Enbeita

Memoria

2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egun handia da Espainiaren osotasunean eta banaezintasunean sinisten dutenentzat. Beste guztiok memoria ariketa mingarria egiten dugu gaur: kolonizatuok beti egin behar izan diogu geure buruari lekua historian. Izan ere, historia letra larriz idatzi dutenentzat ez gara istorio izatera ere iristen. Oraindik bada espainiar konkistatzaileek amerikarrei mesede egin zietela pentsatzen duenik, eta benetan amerikarrak izan ziren artoa, tomatea, piperra, patata... eman zizkigutenak. Jakintza ere emango zieten konkistatzaileei seguruenik, baina horiek, eurena hobea zelakoan, ez zieten kasu handirik egingo. Pentsa larrutan ere nola egingo zuten konkistatzaile haiek, misiolariaren postura baita txortarako ditugun moduetatik aspergarrienetako bat. Edo horrelako zerbait (nahiz eta beste aukerarik ez dagoenean hori ere ederra izan daitekeen). Gauza da historia idazten duenak erabakitzen duela zer kontatu zapaldu dituenei buruz, eta ezin dugu askorik espero. Salbaiak ziren amerikarrak eta basatiak gara oraindik euskaldunak.

Konkista izan zenetik bost mende pasatu direnean, ez dakit memoria ariketak egiteari uzten ez ote garen ari. Eskoletan Amerikaren deskubrimenduaz hitz egiten zigutenek gerra zibilaz hitz egiten dute kolpe militarrik izan ez balitz bezala. Eta gero eta lausoago dago dena gure buruetan; belaunaldi bakoitzean, pixka bat lausoago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.