Onintza Enbeita

Pilotak

2026ko otsailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira pilota formako egunak. Itxuraz ez dira konplikatuak, baina kontrola galtzen dute; pilota arinek bezala. Hasten da pilota saltoka eta han zoaz zu atzetik nora zoazen kalkulatu gabe: jotzen duzu aulkia izterrarekin, hankarekin zapaltzen duzu ume bat…  Kontua pilota harrapatzea da. Bada, pilota formako egunekin antzerako zerbait gertatzen da. Eguna ondo hasten duzu, baina esplikatu ezin duzun arrazoiren batengatik gauzak zaildu egiten dira. Normalean, umearen fardel garbiak etxean ahazten badituzu, ez da inor konturatzen. Pilota egunetan, bai: umeak kaka egiten du guztien bistan, eta zuk ez dakizu nola esan goizeko zazpietan amaren dei batek esnatu zaituela eta fuerte eztabaidatu duzula harekin, eta ordu bi behar izan dituzula normalean ordu erdian idazten duzun testu zatia sortzeko, eta ilarrak urak eraman dizkizula, eta gizarte segurantzak ia mila euro erreklamatzen dizkizula ulertzen ez duzun ekuazio baten arabera… eta umeak kaka egitea dela gutxienekoa. Oraindik erosketa ez duzulako amaitu, eta etxea garbitzea komeni delako, eta lan produktiboa ordain diezazuten nahi baduzu, egin egin behar duzulako.

Eta orduan, pilota buru gainean erortzen zaizu, eguna egin beharrekoak egin gabe doala abisatuz. Eta konturatzen zara, onartu nahi ez dituzun arrazoiengatik, gero eta gehiagotan jotzen zaituela pilotak buruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA