Jose Luis Rodriguez Zapaterori galdetu zioten behin, artean Espainiako presidentea zela, ea kafeak zenbat balio zuen taberna arrunt batean. Ez zuen jakin erantzuna. Kongresuko tabernako prezioa bota zuen, eta horrek eztabaida bat baino gehiago piztu zituen igogailuetan. Apustu egingo nuke, gure herrietako udal gobernuetan, edozeinetan, galdetuko bagenu euren herriko azokan baserritarrek garai bakoitzean zer eta zein preziotan saltzen duten, agintari askok ez luketela erantzunik jakingo. Ez litzaiguke kafearena bezain larria irudituko, ordea. Ez gara konturatzen gure ondoan bizi diren ekoizleek zer baldintzatan egiten duten lan, eta zein aukera gutxi duten beren lana erakusteko, saltzeko edo banatzeko. Seinale guztiek supermerkatu handietara bideratzen gaituzte eta ardiak bezala sartzen ari gara kontsumo eredu konkretu batean, besterik ez balego legez.
Bihar Gernikan egun handia izango da, baserritarrei buruz hitz egingo da komunikabideetan. Inork ez dio bere buruari galdetuko ea porru txorta bat hiru eurotan erosita, soldata justua izateko aukera ematen ari den baserritarrari. Egingo dugun konparazio ariketa beste bat da: supermerkatuan merkeago daude. Litekeena da. Janari merkerik ez dago, ordea. Guk merke erosten duguna baten batek garesti ordaintzen du bere osasunarekin eta esplotazioarekin, gugandik ez oso urrun.