Sarrerak salgai jarri eta ordubetean batere gabe gelditzearen beldurrak antsietatea sortzen dit. Edozer bihurtu dugu gertakizun. Mila aldiz ikusi ditugun talde edo artistak Madrilen jotzekoak badira, han egon nahi dugu, baina euren herrian joko duten azken kontzertuan ere bai, eta areto txiki bera lau aldiz betetzekoak badira, batean behintzat gertakizunaren lekuko izan nahi dugu, eta ez dakit noren itzulera ez dugu galdu nahi... eta ez gara konturatzen zenbat ordu egiten ditugun pantailaren aurrean sarrera zikin batzuk salgai noiz jarriko. Ez zait gustatzen gauza guztiak ikuskizun handi bihurtzeko hartu dugun joera: kontzertu batzuk kontzertuak baino ez dira. Onar dezagun.
Eta hori dena pentsatuta ere, erori egin naiz. Erori egin nintzen Hertzainak-en itzuleran eta erori egin nintzen Mitoaroa II-n, eta Mitoaroa III-rako sarrerak erosi ditut. Gero, Pello Reparaz entzun dut kontraesanez hizketan, eta lasaitu egin naiz, baina ez naiz harro sentitu San Mameserako sarrerak lortu izanaz. Gustatuko litzaidake San Mamesera joatea erabaki dugun milaka pertsonek euskarazko kulturari bestela ere erreparatzea. Milaka horietako bakoitzak urtean euskarazko antzerki bat ikusiko balu, begira zenbat den. Izan ere, San Mames betetzeko kapaz gara egun bitan, baina ehun laguneko aretoak bete ezinik ibiltzen gara besteetan.