Onintza Enbeita

Zoriona

2025eko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askotan izan dut jendeak idatzi dizkidan whatsapp mezuak zuzentzeko gogoa. Ortografia akatsek eguna izorratzen didate. Ahizpei bakarrik egiten dizkiet zuzenketak, besteei egiten lotsatu egiten naizelako. Gainera, jendeari ez dio inporta. Normalizatu egin dugu oinarrizko jakintzarik eza. Berdin digu zein den nongo hiriburua, edo buruzko kalkulu txikiak egiteko ohitura galtzeak, edo buruan daukaguna hitzez idazteko gaitasunik ez izateak. Hori bai, Behobia kuadrillakoek baino denbora eskasagoan eginez gero, azkar joango gara gimnasiora. Kirolean onak ez garenok milaka aholku jasotzen ditugu: zein luzaketa diren onak guretzat, korrika egiteak burua zenbat askatzen duen… ondo iruditzen zait, baina ohar zaitezte behingoz nik ere gomendio mordoa ditudala zuentzat eta ez dizkizuedala ematen. Esango nizueke zein gramatika liburuk lagunduko lizuekeen mezuak txukun idazten, edo zein garrantzitsua den irakurtzea ortografia hobetzeko, edo zein ariketak laguntzen duten buruan dauzkazuen hitzak besteok ulertzeko moduan idazteko. Isildu egiten naiz, hala ere. Beste lehentasun batzuk ditu jendeak. Orduan, tratua egingo dugu: ez badizuet zuzenean galdetzen, mesedez, ez iezadazue azaldu zein kirol egin beharko nukeen zoriontsu izateko. Hartara, nik ez dizuet erantzungo zoriontsu egingo nindukeena zuzen eta ondo idatzitako mezuak direla.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.