Berdintasun politikak bidegurutzean

Laura Gomez.
2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Azken 30 urteetan mugimendu feministaren aldarrikapenak agenda politikoan sartu dira arazo kolektibo gisan, eta politiko publikoetan izan dute isla. Baina, emakumeen eskubideetan aurrera egin dela eztabaidaezina bada ere, egonezina eragiten du ikusteak genero berdintasunaren aldeko diskurtsoa eta berdintasun politiken garapena gertatu den hein berean, paraleloki, azken hamarkadan emakumeen prekaritatea nola areagotu den eta gizarte eta genero mailako desberdintasunaren arteko arrakala ere nola handitu den.

Berdintasun politiken instituzionalizazioa egitate bat da, administrazioetan garapen ezberdina izan badu ere. Egitura batzuk sortu dira, eta berdintasun teknikarien profesionalizazioa gertatu da, arauak onartu dira, eta berdintasun planen lanketa orokortu egin da. 2015ean, EAEko biztanleen %82,8 bizi ziren herrietan konpromisoa zegoen ez onartzeko emakumeen bizkar izatea gizarte egitura osoaren bizitza hobea.

Aldiz, azken hamarkadan, gero eta aldagai gehiago daude erakusten dutenak bizi prekaritatea areagotu egin dela, eta, kasu guztietan, emakumeak izan direla gehien kolpatuak. Batez ere, etxe monomarentaletan bizi direnak, EBtik kanpoko migratzaileak, elbarriak, gutxiengo etnikokoak eta gazteak. Egitura, testuingurua, honako hau da: zaintza eta etxeko lana areagotu da, eta mantendu egin da gizonezkoen egiturazko bizkarroikeria. Halaber, soldata bat izatea jada ez da arrazoia pobre ez izateko.

Hori guztia euskal testuinguruan gertatu da, non gastu soziala murriztu den politikak egin diren arren, berdintasun politiketan ez duten oro har murriztu edo diru partidarik kendu, Estatukoetan murriztu duten eran.

Berdintasun politiken garapena eta bilakaera bat etorri zen denboran ongizate estatuko erakunde publikoen lehen erreforma neoliberalarekin. Erreforma horren arabera, aberastasuna banatzeraeta merkatuaren konpetibitatearen agente nagusi izatera mugatzen du estatuak bere eginbeharra. Emakumea lan merkatuan sar zedin politikak sustatzera oinarritu zen berdintasun agenda, esku lan merke eta malgua, zerga pizgarriak eta laguntzak emanez enpresei, eta mezuei zegokionez, balioetan aldaketa bat sustatu nahi zuen estatuak, emakumeek gizonen eskubide berdinak zituztela onartzeko. Ez da kasualitatea, beraz, zerga erreforma progresiboak ez egin izana, eta sustatu dena da genero desberdintasuna edo feminizatutako zerbitzu publikoen pribatizazioa, dependentziarako arreta edo indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen arretarakoa, kasurako.

Bestalde, botere gabeziak hau eragin du: jarrera ahulak, gobernu aldaketak aitzakiatzat hartzen dituztenak bestelako politika batzuekin alderatzeko; aurrekontu marjinalak, gastu osoaren %0,1 ozta-ozta gainditzen dutena; lantalde oso mugatua eta baldintza prekarioetan lanean, sarri behin-behineko kontratuekin edo azpikontratuekin; eta, burokratizazio bat berdintasuna lortzeko tresnak eta helburu politikoak nahasten dituena.

Ondoriozta dezakegunez, erakundeetako berdintasun politiken garapenak berez ez du zertan emakume guztien egoera hobetu behar. Eskunduntzarik ez izatea edo eskuduntza mugatuak izatea, ordea, ez da aitzakia, eta eremu pribatuan eragiteko gaitasunik ez izatea, ere ez dira argudio nahikoa aurrera ez egiteko. Apustuak honako honek izan beharko luke: babes sozial handiagoa, guztion ondasuna hobeto banatuz eta emakumeen duintasuna berdintasunean onartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.