Uste dut Groucho Marx izan zela zerako hura bota zuena: «Diruak ez du hainbesterainoko garrantzirik. Funtsezkoak bestelako kontuak dira: osasuna, maitasuna… Oso garestiak dira ordea!».
Aste honetako berria da. Nafarroak ez du diruz lagunduko eskolan bertsoa irakasteko programa. Bertsozale Elkartearekin sinatutako akordioa eten egin du gobernuak; aurten 48.000 euro eman ditu Hezkuntza Departamentuak. Horiek ziren titulu eta azpititulu osteguneko BERRIAn. Eta kolpea da. Kolpe handi samarra.
Duela hogeita hamar urte pasatxo, Xabier Amuritzaren eskutik eta zenbait bertsozaleren laguntzaz, egungo gizartean kultur-modu batzuk berez transmititzen zail zirela eta bertso-eskolak jarri ziren abian. Bertso-eskola haien eta ondorengoen fruitu dira egungo bertsolari gehienak eta bertsozale asko; antolatzaile asko eta gaijartzaile eta epailerik gehienak. Bertsolaritzaren geroratzea kolokan sumatu eta urrats hori ematera ausartu zirenen argialdiari zor diogu egungo bertsolaritzaren osasuna. Urte batzuk geroago, bertso-eskolez aparteko beste lan bat ere egin zitekeela pentsatu genuen. Bertsoa eskolan eman. Bi astetik behinordubetetxo bat ez zetorkien gaizki neska-mutilei. Bertso zahar eta berriak ikasiz, kantatuz, ahozko gaitasunak lantzen dituzte, gure kultur-ondarearen jabe egiten hasten dira, jendaurrerako lotsa eta ikara uxatzen, parekoari argudioak botatzen eta parekoarenak entzun eta itzulipurdikatzen, eta batik bat, zenbait zonaldetan, euskarari alderdi jolastia ere topatzen, alderdirik serioena bidenabar esanda.
Yolanda Barcina eta kideek igual pentsatuko dute macrame ikastaldi bat edo yoga ikastaro bat dela eten dutena. Makrame eta yogazaleekiko begirunez, esan dezagun zerbait larriagoa apurtu asmotan direla. Kantua da eten nahi dutena. Eta, nagusiki, hitza. Administrazioekiko harremanean, kultur, kirol eta gisa horretako erakundeek urrats handia egin zuten duela hogeiren bat urte. Diru-laguntzak jasotzetik hitzarmenak sinatzera pasatu ziren, hala hobetsi eta ahal zutenak behintzat. Ez zen terminologia kontu hutsa. Alde handia zegoen gurasokeria nabarmenez emandako paga moduko batetik, bi aldeei izaera, betebehar eta eskubideak onartzen zizkien hitzarmen batera. Baina hori nekez ulertzen dute nonbait Nafarroako egungo agintariek. Erdi Aroko jauntxoen mentalitateak paga-ren kontzeptua baino ez du ulertzen, eta emateko baino gehiagotan kentzeko gainera. Hitzarmena egin eta hitza jateko gai dira.
Amonek esaten duten gisan, «ez gurea delako», baina oker dabiltza oso. Krisialditik ateratzeko murrizketak non eta irakaskuntzan, eta irakaskuntzan zertan eta bertsolaritzan egin behar badituzte, despistatuta dabiltza oso, edo litekeenagoa, despistatzen ari dira propio. Krisialditik zerbaitek aterako bagaitu, aterako gaitu prestakuntzak, formazioak, kulturak… eta proportzionaltasunak. Eta gu, zerbait bagara, proportzionalak gara.
Egina eta mozkina hoskide direlako-edo gure jardunetan ez dira elkarrengandik urrun ibiltzen. Xelebrea baita berri-paperetan azaltzen diren diru-kopuru ikaragarri horien artean inprimatuta ikustea 48.000 euroko zifra. Beste zifra asko ez bezala, azken hori, entendimenduak, baita gureak ere, uler dezake. Auto on samar batek prezio hori du. Herri ertain bateko jai arruntenen aurrekontuaren parekoa da. Biribilgune potolo baten lore-hornidura eta mantenua kostako da hainbeste… Horregatik segiko dugu, ahalik eta gutxien petraldu eta ahalik eta gehien tematuta, Nafarroako neska-mutilen prestakuntzan garrantzitsua dela sinesten dugun ekimen horrekin. Dirua da gutxienekoa, hezkuntza garestia izan arren.
Groucho Marx gogoan, Estatu Batuetan harrigarri gertatzen da bertakoek diruaz zeinen lasai eta natural hitz egiten duten. Ezagutu eta bigarren egunerako aitortuko dizute urtean zenbat irabazten duten eta ea zuk zenbat galdetuko. Kontu pertsonalak ezkutatzeko joera ez dago gaizki, baina publikoek, izenak berak dioen gisan, publikoak eta gardenak izan behar lukete. Aurten, lehen aldiz, gure herriko jaien egitarauan etorri da xehe-mehe ekitaldi bakoitzaren kostea zenbatekoa izan den. Ongi iruditzen zait niri. Diru kontuetan ere, ez da lotsarik behar… lotsatzeko motiborik ez denean.
Plazatik
Bertsoa eskolan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu