Elurre Iriarte Bañez.
ELE

Bestak

2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Hiztegian ezdeus eta ezongi ondoan ez zaigu ez-bestak ageri, eta hala ere gaurgero nekatu artio leitu dugu. Ez erabiltzearen alde egin nahiko nuke, ez orain izan beharko genituzkeen eta ez ditugun besta horiek izendatzeko behinik behin.

Bestaren faltan, bestaren definizioari buruz aritu ginen mahai bueltan. Zer behar dugu momentu edo egun bat besta izendatzeko? Edozein momentu izaten ahal dela besta, zioen batek; ongi pasatzea aski dela, bertzeak; pizza bat, erran zuen ondoan zen haurrak. Definizio zehatzagoa nahi genuen, zernahiri besta deitzen badiogu, bestak berak bere izatea galduko duelakoz bertzenaz: bestarako jendea behar dugula argi genuen, egunerokoa hautsiko duen zerbait, kontent sentiaraziko gaituen zerbait (Musika? Berri on bat? Bixkorgarriren bat?). Akaso ez dena, baina bai konbinazioren bat.

Solasgai izan genituen herrietako besten definizioan, berriz, herritarrak kontuan hartu behar ditugula ez genuen dudarik: talde anitza, gurekin nahi ditugun eta nahi ez ditugunekin guneak konpartitzea. Besta horiek galdu ditugu bi urte hauetan. Moldatu gara, zerbait egin dugu, ezizena ere eman diogu, baina bestetako ifrentzua izan dugu gehienetan: kontsumoa erdigunean eta eraso matxistak aldiro.

Bigarren urtez galdu dugu besta eredu berrietan sakontzeko eta hedatzeko aukera, aspaldi abiatuak genituen pausoak aitzin segitzekoa. Parentesia akituko da doike, eta etorriko dira besta berriak. Baikor ikuste aldera, bi urte hauetan zenbaitzuek etxeko lanak egiten segituko zutela pentsatu nahi dut. Ezkor paratzen banaiz, gibelera pausoa eman izanen dugula beldur naiz. Zernahi gisaz, bizkitartean, bestak izendatzen baditugu, hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.