Ane Labaka Mayoz.

Fikzio-hitzarmenak eta sorgin-ehiza

2025eko maiatzaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirileko azken asteartea zen. Iratxe Retolaza irratian, eta ni, beste behin, berari entzun ahala buruarekin baietz-baietz egiten. Badira argitasuna eta zorroztasuna darien begiradak. Niretzat, Retolazarena da horietako bat. Askotan asmatu izan du buruan bueltaka nuenari hitz egokiak jartzen. Askotan jo izan du itu-ituan.

Azken bi urteotan irakurle taldeetan behin eta berriro piztu den eztabaida uhinetaratu nahi izan zuen Retolazak: etikoa ote da identifikagarria izan daitekeen pertsonaia bat sortzea? Eztabaida herriz herri aldatzen dela kontatu zuen. Gertatu ohi dela herri batean debate sutsua ekarri duen liburuak debate horren arrastorik ere ez ekartzea beste nonbait, liburu bera fikziotik irakurri delako. Hain zuzen, hala diote Uluka podcastean: «Irakurtzen ari bagara liburu bat etengabe neurtzen errealitatearen eta fikzioaren arteko tartea edo distantzia zein den, ez gara liburu hori ondo irakurtzen ari».

Bi Tarte
MARIÑE ARBEO ASTIGARRAGA

Idazleak fikzio-hitzarmen bat proposatu digu; testura hurbiltzeko joko-arau jakin batzuk. Ez gaitu autobiografia bat irakurtzera gonbidatu. Argi baino argiago esan digu «hau fikzioa da». Nobela bat aurkeztu du, ipuin-bilduma bat bestela, eta, kontrakorik azaldu ezean behintzat, nobelak eta ipuinak fikziozkoak dira, definizioz. Orduan zergatik irakurri fikziozkoak ez balira bezala?

Retolazak dioenez, deigarria da irakurle taldeetan, baita feministetan ere, askoz eztabaida handiagoa sortzen dela idazlea emakumea denean. Zergatik sortzen da etikotasunaren zalantza hau batez ere idazle emakumeekin? Zergatik jartzen da auzitan Uxue Alberdiren Hetero eta ez Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao? Zergatik baieztatu zuen Hasier Etxeberriak Sautrela programan Erraiak liburuan Danele Sarriugarte bere sexualitateaz ari zela? Zer idazle irakurtzen dira biografiatik?

Gurean ez dira gutxi beren inguru hurbilean pertsonaia errekonozibleak izan ditzaketen liburuak. Soinujolearen semea, Hamaika pauso, Fakirraren ahotsa… luzea da zerrenda. Irakurleak artefaktutzat hartu ditu eta gustuko dut/ez dut gustuko terminoetan eztabaidatu du hauen inguruan. Idazleak nobela bat dela esan badu, hitzarmen hori onartu da, eta fikziotik irakurri dira.

Beste kasu batzuetan, aldiz, ez da hala gertatzen. Zalantzan jartzen da idazleak berak testu horri ezarri dion markoa, eta marko hori ez onartzetik irakurtzen da. Paktu fikzionala apurtzetik. Eta, Retolazak azpimarratu bezala, paktua ez onartzeak idazlearen sortzailetasuna eta autoritatea ukatzea dakar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.