Zure etxepeko aparkalekuetan haur-kotxe erraldoiak daude autoen lekuan. Binaka sartzen da jendea haietan eta hiriaren beste alderaino joaten dira, lanera, adibidez. Supermerkatu gehienetan fruta freskoa saltzen dute, eramateko. Garbituta eta zati txikietan moztuta. Jatetxeetan purea eskatu daiteke termoan. Datozen hauteskundeetan bi alderdi nagusiren arteko lehia aurreikusten dute inkestek: amagandiko edoskitzearen aldekoen eta edoskitze artifiziala defendatzen dutenen artekoa. Edukiontzi zuri bat jarri dute beirarenaren ondoan pixoihalak birziklatzeko helburuarekin.
Basoak udazkentzen diren moduan aldatu da zure inguruko paisaia. Motel eta isilik, baina etenik gabe. Orbela oinpean pilatzen den antzera jaio dira haurrak. Haizea hozten joan den heinean lagunarteko hizketagaiak aldatu dira. Bezperan zein ordutan eta norekin etxeratu zen kontatzen zizunak hiru ordutik behin jaiki behar izaten du gauero bularra ematera eta hori da kontatzen dizuna. Alde guztietara begiratzen duzula ere, okre kolorea hartzen ari dira zuhaitzak. Bitartean, zalantzati zaude zu beroki lodiak ganbaratik jaitsi edo ez, euritakoarekin atera edo ez. Ez baitakizu oso ongi urtaro aldaketa hau noiz eta nola gertatu den.
Hasiera batean bi edo hiru lagun ziren. Exotikoak, ausartak eta eroak. Azaleko lagunak batzuk, gertukoak besteak, baina urtarotan zugandik urrunegi zeudenak denak. Gaztainei eta intxaurrei alergia izaten hasi zinen orduan. Babarrunak jateari utzi zenion digeritzen zailak omen direlako. Ez zenuen erditu berri ziren lagunekin egoteko gogorik izaten. Haurraren izena justuan ikasi eta ospa. Urrutira alde. Udaren bila irten zinen eta hondartza zoragarriak aurkitu dituzu, egunero bikinia soinean daraman jendea. Baina udazkena geldiezina da. Hala da. Geldiezina da.
Denbora behar izan duzu udazkenari lasai begiratzeko. Amaberriak bularraldeko zauriei buruz entzun eta elkarrizketatik ihes ez egiteko. Hilabete batzuk lehenago ikasitako haurren izenak ahoskatzeko. Haur horiek maitatzeko. Uda batzuk behar izan dituzu lagunen sabelak hazten ikusi eta interpelatuta ez sentitzeko. Haurdun dagoela esan dizunaren poza partekatzeko. Zenbat obulu geratuko ote zaizkizun galdetzeari uzteko. Babarrunak dauzkazu gaur bazkaltzeko.
BI TARTE
Udazkena geldiezina da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu