Bioaniztasuna eta ehiza aurrez aurre

Aitziber Sarobe Egiguren.
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ehiztariek manifestazioa egin zuten aurreko asteburuan honako hau aldarrikatzeko: «Euskadin ehiza bai, errespetua ehiztarien eskubideei, gelditu irainak eta mehatxuak». Irakurritako manifestuan, gizartean duten ordezkaritzarekiko eta ekonomiari egiten dioten ekarpenarekiko errekonozimendua eskatu zuten, baita nekazarientzat eta nekazariekin elkarlanean jarraitzeko asmoa erakutsi ere. Euren jarduera legala eta arautua dela azpimarratuz, erradikalen erasoa gelditzeko zioten. Ehiza euren bizimodua omen, aldatu nahi ez dutena.

Ehiza jarduera ekonomikoa da, tradizio luzea duena eta onura ekonomikoak dituena. Horregatik izan behar du arautua. Bestalde, jarduera horrek natur ondarean eragiten du, animaliak hiltzea baitu helburu, eta, beraz, kontrol zorrotza eskatzen du. Hemen dago kontu honen auzi nagusia: zein intentzio eta helbururekin, edo, bestela esanda, zeinen interesen mesedetan arautzen da ehiza?

Ehiztariek biodibertsitatea aipatzen dute, haren mesedetan ari direlakoan. Bere horretan kontraesana da argudio hori, baina badu zentzua. Mendeetan gure mendi eta basoak ustiatzearen poderioz, erabat eraldatu dugu natur ingurunea, bertako bioaniztasuna kaltetuz. Eremu horiek naturalizatu ahala, lehen nekez ikusten genituen hainbat animalia ugaritzen ari dira, eta horietako batzuk kalteak eragiten dizkiete nekazari eta abeltzainei. Egungo nekazaritza ereduari eusteko, ezinbestekoa da ehiza, eta helburu horietara bideratutakoa diruz ordaintzen du administrazioak. Ulergarria da hori guztia, baina natur kontserbazioaren ikuspegitik administrazioak auzi honetan bioaniztasunaren alde egin beharko luke, eta ez ehiztarien interesen alde, egun egiten duen bezala. Ehiza baimentzen duten ordenantzak ikerketa zientifikoetan oinarritu beharko lirateke, eta bioaniztasuna berreskuratu edota zaintzeko, epe motz, ertain eta luzerako habitaten eta espezieen kudeaketa arduratsua izan beharko lukete helburu. Badago zer egin: ikertu, ehiza-postuak murriztu, ehiza-txapelketak debekatu, ehiza-garaiak hobeto kontrolatu, ehizatutako animalien salerosketa eta tripa festak kontrolatu... Gipuzkoan propio debekatu diren eremuetan ez beste lekuetan libre da ehiza, nahiz eta kontrakoa izan beharko litzatekeen.

Arraroa egiten da, benetan, mendian armatuta dabilen kolektibo hori mehatxatua sentitzen dela entzutea, urtez urte hamaika lege-hausterengatik salatua denean. Salatua, ez zigortua, hainbatetan salaketa horiek paper hutsean gelditzen baitira politikariei esker. Euskadin ehiza bai, diote, inoiz zalantzan jarri izan balitz bezala. Milaka eurotako diru-laguntzak jasotzen dituzte ehiztarien federazioek kirol federazioek adinako eskubidea dutelakoan, eta nahi beste baimen euren jardueretarako. Ulian ere ehiza berreskuratzekotan dira. Administrazioak arautze bidean ezartzen dituen neurri murriztaile guztiei egiten diete aurre behin eta berriz. Hor daude galeperraren, usapalaren edota eperraren kasuak: populazioak asko murriztu direla ikusita ere, ehizatzen jarraitzeko ahaleginean tematzen dira.

Ehiztari izaera eta bizimoduari eutsi nahi diote. Mundu maskulinizatu eta maskulino horretaz asko hitz egin genezake, eta gutxi nik bere mesedetan. Besteak beste, ezin baitugu ahaztu tartean armagintzaren negozioa dagoela. Baina ukatuko ez dudana basabizitzak eragiten duen lilura da. Animaliak beren habitatetan bilatu eta aurkitzea joko zirraragarria da, bizipen ahaztezina. Inoiz ulertuko ez dudana da momentu horietan tiroa bota beharra izatea. Ez dago zertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.