Bira

27U

Itxaro Borda
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Iragan larrazkenean gu ginen karriketan, erretreten erreforma inikoa salatzen eta borrokatzen. Orain hegoaldeko haurrideen txanda da. Gai bera ardatz. Egiten dizkiguten sakeak ez dira nehondik ere azkenak, Frantzian adibidez erretretara heltzeko adinaren muga urrunduko baitute berriz 2013an. Boteretsuek erraten ez digutena zera da: berrogei eta bost urtealdi eskatuko dira pentsioen eskuratzeko. Beraz hil arte lanean beharko gara arizan.

Agian Euskal Herriko, Kataluniako, Galizako, Estremadurako, Leoneko, Kastillako,Andaluziako edo Aragoiko langileek guk baino finkiago atxikiko dute manifestaldien lema, ez dira kikilduko, gobernua plegaraziko dute eta ez dituzte sindikatuak, gureek, aho zabalenek barne, eman duten abdikazio latzaren bidean galtzen utziko. Itxaropenez jarraituko ditugu hemendik aitzina zuen urratsak, zuen solasak, zuen izerdiak eta nola ez, zuen hitz erdiak.

Urtarrilaren 27an zuekin izanen gara. Gogoz eta bihotzez. Ez lotsatu, eguneko soldata galdu arren, elkartasunaren dastarekin anitz gehiago irabazten da. Garapena, lehiaketa, estreza, txanponen guduka, neoliberalen tripako minak eta urte hondarretako primak ez zaizkigu arrangura zerrendetan kabitzen.

Atxik azkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.