Ni baino lehen jaio ziren enbeitatarren bertsoetan irakurri nuen lehenengoz aberria hitza. Ikasi nuenean erabili ere egingo nuen seguruena, baina orain erantzun baino galdera gehiago sortzen dizkit. Aitita Balendin bizirik balego, pazientzia handiz esplikatuko lidake aberria dela asaben herria. Eta kantatuko lidake gure asaben odola daukagula zainetan, eta, beste gauza askorekin batera, horrek egiten gaituela euskaldun. Gustatzen zitzaidan gauzak ulertzeko eta azaltzeko modu epiko hori.
Ez dut aberri hitza hiztegitik kentzerik nahi, baina beti pentsatzen dut hiztegian herria dutenak ez duela derrigor aberririk behar. Herriak eutsi zuen Amaiurren, herria erre zuen inkisizioak, herriak gorde zuen euskara zigor guztien gainetik, herriak eutsi zien ezkutuan kristauak etorri aurreko ohiturei. Zalantza existentzial banakako guztien gainetik, hala ere, gaur ospatu egingo dut aberriaren eguna.
Berdin dit nork sortu zuen; aitzitik, mesede galanta egingo lidakete egutegiko beste edozein egunetan jarriko balute. Gaur da, ordea. Gaurkoa da aberriari gorazarre egiteko izendatutako eguna. Izan gaitezen, bada, herri. Bakoitza bere etxean bagaude ere, senti gaitezen zerbait handiagoaren parte. Aberririk gabeko herria eraikitzea zaila izango da, baina herririk gabeko aberria sortzea inposiblea da.

BIRA
Aberri Eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu