Ez dakit inoiz gertatu zaizuen, baina behin baino gehiagotan aurkitu dut neure burua zergatik naizen abertzalea azaltzen; are, abertzale naizela justifikatzen. Eta hainbatetan gertatu zait ezkerreko jendearekin, beren burua munduko herritar solidario eta internazioalistatzat duten espainiar, frantziar, alemaniar edo italiar jatorrekin. Esku artean bi kiloko gozoki zorroa daukan umeari okatzeko arriskuaz ohartarazten zaion tonu beraz gaztigatu didate nazioalismoaren gehiegikeriaz: aberri handikeriaren opio izaeraz, mugak ezartzeaz, etnizitateaz —arrazakeria irristatu zaio inori—, langileak langileen kontra jartzeaz,zapalduen arteko elkartasuna birrintzeaz, armadez, boteredunen mesederako epikez eta gerrez—eta, noizbait, hara, holokaustoaz—.
Saiatu naiz azaltzen justu nazionalista ez naizelako naizela abertzalea: armaz eraiki eta hedatutako aberri handinahi eta zapaltzaileen aurka; mugak eraistearen alde; langileen arteko ez ezik, azpiratutako herri, kultura, hizkuntza eta jendeen arteko elkartasunagatik; irabazleen epikaren aurka, galtzaileen testigantzaren alde; zubi azpiko ijito errumaniarren burujabetzagatik.
Abertzale izatea, aberriz aldatzea ez ezik, aberria aldatzea dela, kontzeptua bera mamurtzeraino. Gutxienez, hala sinetsi nahi dut nik.

Bira
Abertzale
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu