Miren Amuriza.
BIRA

Abertzaletasunaz

2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Baserritar liluratu bat naiz, baserritar sufrituen biloba; eraikinaren edertasuna eta karga sinbolikoa hautematen dituena, baserri abandonatu bat ikusten duen aldiro hunkitzen dena. Baserritar sensiblea naiz, makala gure osabaren ustez; hala bota zidan txerri hil berriaren barrunbeetan eskua sarrarazi eta okadaka hasi nintzenean. Arduragabe samarra; osabak egundo ez dit desbrozadora hartzen utzi (astunegia omen) eta nik, aparatuari heltzen saiatu ordez, sasi-garbitzetik eskakeatzeko aprobetxatu beti. Grina, jakin-mina duen baserritarra naiz, bestelako ezagutzak dituena (ezjakina osabarentzat); lanabes zahar gehienen definizio etimologikoak emateko gai izango nintzateke, ez, ordea, tresnok taxuz erabiltzeko. Baserria naturarekin harremantzeko baliabide batdela eta krisian dagoena, eraikina bera barik, nekazaritza dela (bizi eredu moduan) zioen EHUko irakasle batek atzoko BERRIAn; baserria ahul dagoela baina aurrera egiteko aukerak ikusten zizkiola arkitekto batek. Esaten dute, bai, abertzaletasuna ahul dagoela. Ordea, abertzaletasuna barik, independentismoa ez ote den krisian dagoena. Zeren, Urkulluk, adibidez, bere burua abertzaletzat edukitzen jarraituko du Kataluniako erreferenduma deslegitimatzen duenean ere, ezta? Abertzale liluratu bat naiz, abertzale sufrituen biloba; sensiblea, arduragabe samarra eta grina, jakin-mina, duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.