Ainize Madariaga

Agurraren azken letra

2023ko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ttapa-ttapa Herioarenganaino eraman duten oin ñimiño horiei musuka. Batez ere behatz potolo horri muinka, tinkatuz eskuen artean, behatz horrek oraino ez duelarik ukan astirik zapal bilakatzeko, besoz besoko erresuma librean bizi baitzen, oraino borobil-borobila. Honezkero, hoztu dira oinak, karroindatu bihotzak. Metro erdiko hilotza zapatek inguratzen dute, oinazearen sehaskari elkartasunez hor daude helduak: partekatuz, hobeki garraiatzen baita ezin eramanezko dolorearen zama. Anaia du saihetsean, belauniko, oin biluzi horiek eskuetatik ezin utziz; mundu honetako pasaiaren hondar urratsa egin dute; partitu dira itzulerarik gabeko xendran barrena. «Utz iezaiozue adio erraten», aditu da gainetik. Paisaia uniformizatzen du errautsak: herioa eta bizitza grisean berdinduak. Sekula berriz ibiliko ez diren zango horiei potka, mintzo zaie: «Ez dut sekula zu bezalako bertze anaiarik ukanen». Eskuetatik iraitzi behar izan dizkiote, tenorea baita; adioa bere azken letrarat heldu da. Estali dute gorpu txipia. Nola zutituko da anaia? Nola Palestina?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.