Onintza Enbeita
BIRA

Aita

2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Oso umetan hil zitzaion aita. Ez du haren oroitzapenik, baina garbi gogoratzen ditu haren hutsuneak eragindako minak. Aitaren Egunean marrazkiak eta eskulanak egiten zituztenean, esate baterako, gogoratu egiten du nola sentitzen zen ez zeukalako bere lanak nori eman. Idazle baten biografia irakurtzen ari zela berritu ditu oroitzapenak, eta, honezkero minik ematen ez dioten arren, ahaztezinak zaizkiola konturatu da. Esan zidan orain desberdin landuko direla gauza horiek eskolan, baina airean utzitako galdera baten antzera sartu zitzaizkigun hitzak.

Familia ereduak erabat aldatu dira. Euskarak aukera ederra ematen digu, orokorrean ari garenean behintzat, aita eta ama hitzak saihesteko. Ez dugu nahi, hala ere. Entzuten ditut batzuk eta besteak gaztelaniaren kalkoak egiten, «aitak etorri dira» edo «aiten bilera dago» esanez, eta odolaren zirkulazioa gelditzen zait. Ez dugu hizkuntza ondo erabiltzen, ez gramatikalki, ez sinbolikoki. Eta hizkuntzarekin nahasten bagara, nola ez gara kontzeptuekin nahastuko! Pentsatu nahi dut orain umeei ez dizkietela aitarentzat marrazkiak aginduko Aitaren Egunean, eta, bide batez, pentsa dezadan ikasiko dugula hizkuntzak ematen dizkigun aukerak erabiltzen eta modu berriak asmatzen inor gure esanetatik kanpo gelditu ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.