garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Aitortza

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fukushimako zentral nuklearreko buru Akira Ono jaunari gero eta errazago zaio ezina hitzez adieraztea. Zorrak edo lapurretak zenbatzea bezalatsu da, finean: gure ulermenaren marra gainditu delarik, zer axola du zifrari hamabi zero ipini edo horren kuboaren kuboa aipatu.

Duela 200 urte inortxok ere ez omen zukeen bala bezain azkar doan trenik amestuko, ezta sakelako telefonorik irudikatuko ere, gaur baditugun arren. «Aitor dut maila horretarainoko aurrerapausoa eman beharko duela gure asmamenak, hemendik airoso ateratzeko», esan du berriki; «Aitor dut hiru erreaktoreetako erregai nuklearra urtu egin dela eta lurperanzko bidea hartu duela», bidenabar; «Aitor dut arazoari aurre egiteko teknologiarik ez dela artean asmatu, eta beharbada bi mende joango zaizkigula orain imajinatu ere egin ezin dugun konponbidea ontzeko saioan». Epea alferrik finkatu zaiola, alegia: «Aitor dut 2051rako bederen, ezinezkoa izango dela». Bitartean, betoizko sarkofagoa beharko du ingurune osoak, Txernobyl estaltzen duen txapela eta kaka-fardela, larriki kutsakorra baitu beherakoa. Eta hori nola egin ere, aitortzapeko misterio.

Fisioan jainko berri bat mamitu zaigu, beraz. Ateo, agnostiko, hautatu, sinesgabe edo sinestuna izan, otoitza besterik ez dago momentuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.