Aita!», egin dio garrasi alabak, zazpigarrenez. Gauero bezala, oheko tronutik aginduak emanez gogaituko du bederatzi urteko neskatoak, pixkanaka errenditu eta loak hartzeko posturan jarri bitartean. Haurraren gelara bidean, aurreko sei deialdiak gogoratu ditu buruz, joan-etorri bakoitzean «aita» delakoa zer behar primarioren sinonimo izan den, aurrea hartu nahian betiere: «aita, egarria», «aita, zer ordu da», «aita, eman liburua», «aita, beldurra, begiratu ohe azpian»...
Besteri ezkutatzen saiatzen den arren, leher eginda dago gizona, eta aurreko egunetan baino amorratuago, ezbairik gabe. Markesa txikiaren esanari amen egiten aritu beharrean, ipurmasailak zabaldu nahiko lituzke sofan, garagardoa eskuan, oin biluziak mahaitxoan eta telebista aurrez aurre duela, Steven Seagalen filma deskubritu baitu kanala aldatzeko botoia sakatzen aritu den batean, hostiak barra-barra erotzen direneko horietarikoa... Nahi luke. Eta behar luke, alajaina.
«Zeeeeer!», egin dio zakar antzean neskatoari, gelara heldu orduko. Kopetilun, zazpigarren gaztiguaren zain gelditu da, sorbalda atearen markoan eta besoak gurutzean bilduta. Eta hantxe heldu da ozen eta airoso ilunpetik, alabaren guraria, belaunak dardarka dantzan jartzeko modukoa: «Aita, maite zaitut».

BIRA
Alaba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu