Onintza Enbeita
BIRA

Alkohola

2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bazkaltzeko elkartu gara. Nahikoa jan eta edan ondoren erabaki dugu gutxiagorekin ere bizi daitekeela. «Astelehenetik aurrera ez dut alkoholik edango», esan du batek. Serio esan du, baina barre egin diogu beste guztiek. Pentsatzen dut ez zitzaiola gustatuko gure erreakzioa. Pentsa gaixorik balego edo benetan alkohola edateari utzi beharko balio. Ez diogu elkarri halakorik onartzen ia. Gure taldea ere mahaiaren bueltan edo barraren ondoan elkartzen da elkartzen denean. Ez dago besterik: gu ere euskaldunak gara. Dena laburtzen da jatera eta edatera, baina edozein edarik ez du balio. Kuadrillaren, taldearen, laneko bazkarira etorri den jendearen edo dena delakoaren parranda ez da izorratu behar. Denok edan behar dugula dirudi. Eta, bestela, azalpenak eman behar dituzu. Zenbat aldiz metrailatu dugu kotxea ekarri gabe ura edan duena? Metrailatu galderez, jakina.

Ez dut alkoholaren kontra egingo. Nire bizitza sozialaren erdian garagardoa, ardoa eta bermuta daude. Hala ere, harrigarria iruditzen zait guk zein barneratuta daukagun edatearena. Alkohola edatearena. Halakorik nahi ez duenak azalpenak eman behar ditu. Munduko leku askotan alderantziz litekeena hemen horrela da. Eta gero, milioika edaletatik batzuk gaizki bukatzen dutenean, ez da inoren ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.