Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Amets bat

2014ko abenduaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amets egin dut hizkuntza unibertsal, normal eta neutral autoizendatu baten komunitateko kide naizela. Lausoa da paisaia, baina izan naiteke frantsesaren komunitatekoa, edo espainierarenekoa. Zutabegile naiz, nolanahi. Eta jaiki naiz goizean, komunekoak egin, gosaldu, eta jarri naiz idazmahaian, orri zuriaren zorabioari aurre egiteko ohiko tresneria prest: ireki ditut ordenagailuan lauzpabost hedabideren leihoak, piztu dut irratia, zabaldu bezperan azpimarratutako liburua, eta hartu dut eskutan egutegia data seinalaturik datorren ikusteko. Eta azken keinu hori, sekulako lasaitasunez egin dut, soraio, badakidalako konbentzio unibertsalekoez aparte apenas dagoela honetaz edo hartaz idaztera behartzen nauen datarik. Eta, batez ere, lasai ederrean hartu dut egutegia badakidalako ez dagoela Kilometro, Korrika, Herri Urrats eta Euskararen Egunik; alegia, urtean hamaikatan errepikakor ez ezik, negarti ez bada, taliban edo bestela poziktibity seduzitzaile lañoaren trazan autorretratatuko nauen tematikarik. Hizkuntza ez dudalako idatzi beharko politika edo botere-ren alboan. Eta badakidalako nahi dudanean idatzi ahal izango dudala Hizkuntza (nirea gainerako guztien ordezkari) dela jendeok daukagun ondasunik preziatuena, bestearengana iristeko bide, desberdinen arteko zubi. Hizkuntza bakea dela, ez dagoela gatazkarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.