Beti gauza bera esaten ari naizela esaten didate lagunek: kakari zenbat eta buelta gehiago eman, kirats handiagoa izaten duela, alegia. Ez zait gai makala iruditzen, hala ere. Kokoteraino nago Gernikako bonbardaketaren errelatoa entzuteaz. Mila angelutatik berreraiki dugu bonbardaketa: ze legio etorri zen Gernika erretzera, nondik atera ziren hegazkinak, zenbat tona bonba jaurti zituzten, zer utzi zuten zutik, zenbat egun barru sartu ziren faxistak oinez, norantz ihes egin zuten herritarrek, non zeuden gordelekuak... Eta hori kontatzea beharrezkoa izan da. Historia bera angelu askotatik idatzi behar da, ordea. Egiaren angeluak ez ziren 1937ko apirilaren 26an hasi, eta ez ziren han amaitu. Estatu kolpea ia urtebete lehenago lehertu zen, eta Gernikara alemaniarrak iritsi orduko, bandoak ondo bereizita zeuden: batzuk errepublikanoak ziren eta haiekin lerratu ziren, beste batzuk abertzaleak ziren eta faxismoaren kontra egiteko errepublikanoekin lerratu ziren, asko faxistak izan ziren, eta beste asko haiekin lerra zitezen bahitu egin zituzten.
Denok ez gara errepublikanoen ilobak, inkisizioak erretakoen ondorengoak... Batzuk faxisten ilobak dira, inkisizioa babestu zutenenak.Ez dugu inor plazan erreko horregatik, baina egiak, egia izateko, angelu guztiak behar ditu. Zorrotzak ere bai.

BIRA
Angeluak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu