Onintza Enbeita
BIRA

Ardura

2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inori meriturik kendu gabe, baina ez dut uste irakasleena bakarrik denik umeak euskalduntzearen ardura. Ezta gurasoena bakarrik ere. Euskara naturaltasunez egingo duen umeak naturaltasunez jaso behar du euskara bizi dituen espazio guztietan. Edo gehienetan bai behintzat. Umeak euskarazko ereduetara bidaltzen dira ikastera, baina gero, kalean kontsumitzen duten aisialdia gaztelaniaz ematen zaie. Eta guk ere, haien aurrean, gaztelaniazko musika, literatura, futbola, telebista eta zinema kontsumitzen ditugu. Eskolarekin lotutako ordutegi eta ekintzetan ere, umeek euskaraz egiten ez duen jendearekin konpartitzen dituzte espazio batzuk: dela garbitasunaz arduratzen delako eta teorian umeekin harreman zuzenik ez duelako, dela gai konkretu bati buruz eta egun kontretu batean hitz egitera etorri den norbait delako, dela mantentze lana duelako ardura bakar, edo bururatzen zaizuen beste ustezko edozein salbuespen.

Umeak euskalduntzearen ardura komunitate osoarena da. Gu ez bagara euskaraz bizi eta ez badaukagu hala bizitzeko interesik, oso zaila da umeei euskararen balioak edo garrantzia transmititzea. Irakasleek badute ardura, eskolak badu ardura, gurasoek badute ardura, baina inguruan bueltaka gauden beste guztiok ere badugu ardura umeen erdalduntzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.