Argudio aztia asmatu dute Bidasoaz hegoalderako zein Espainiako tatxarik gabeko demokrata autoaldarrikatu askok justifikatzeko monarkia nahi dutela; hots, herritarren iritzia jasotzearen kontra agertzeko, eta, halaber, bere izatearen muinean demokraziarekin talka egiten duen instituzioa zuritzeko. Hain zuzen ere, diote errepublika ez dela demokraziaren eta askatasun berme, eta jartzen dute Siriako adibidea edota Txinako Herri Errepublikakoa, eta ondoren aipatzen dituzte Norvegia eta Suediako monarkiak eta hango demokrazia eredugarriak.
Baina ez dute aipatzenmonarkia eta errege zehatza diktadurak inposatu zituela Espainian, justizia aparatuaren edo indar armatuen segida bezalaxe. Alegia, ez dela inoiz egin egiazko kontu zuritzerik, Latinoamerika eta beste periferietarako memoria eta egia usu aholkatzen dituzten arren. Eta ezkutatzen dute PPk eragozpenak dituela beti frankismoa egiaz gaitzesteko, eta ez dutela eskuin muturrik eskuin konbentzionalak betetzen duelako esparru hori. Eta hedabideak itxi direla, haietako langileak atxilotu, torturatu eta espetxeratu. Eta Egunkaria-ren amesgaiztoa atzo amaitu arren —berandu eta kalterik konpondu gabe—, Egin-eko kazetariek kartzelan segitzen dutela —Zalakain maisuak, kasu—, eta oharkabean Ipar Korea etortzen dela akordura.

BIRA
Argudioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu