Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Aro berria

2014ko abenduaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Whatsapparen ñirñirak esnatu ninduen atzo. Pentsatu nuen adiskide eguberrizaleek eta eguberrifobikoek gerran jarraitzen zutela oraindik. Hau da, lehenek aurrera segitzen zutela gabon zoriontsuak opatzeko mezu, irudi zein bideo gozoen bonbardaketarekin, nekaezin. Besteak, berriz, are eta nekaezinago zebiltzala hipokrisia salaketa eta koinatuen gaiztakerien pasadizoekin. Baina, baita zera ere, whatsappa astintzen ari zirenak lagun independentistak ziren, Euskobarometroak Podemosi Araba-Bizkai-Gipuzkoetan iragarritako emaitza ikaragarriak zirela-eta larrialdiko kafe-solasaldira deitzen.

Iritsi nintzenerako bero zihoan solasa: batetik, sutsu ari ziren batzuk Euskobarometroa unionismoaren alde sukaldatu (sic) dutela salatzen, hots, espainolisten amarrua dela independentziatik kanpo egiazko eraldaketa aukerarik badela sinetsarazteko. Bestetzuek, berriz, inkesta ez gutxiesteko eskatu zuten, autokritika; mezu, jokamolde eta eraldaketa aliantza berriak behar direla aldarrikatu, Euskal Herria ezin dela dena Zaldibia balitz bezala pentsatu.

Isilik egoteko asmoz joan nintzen, baina egoskor eskatu zidaten iritzia, busti nendila. Erantzun nien bereziki ados nengoela Sestao Aulesti bezain gure egitearekin, baina kezka bat nuela: euskara izango ote den pagaburu. Nire albokoak «hara, talibana», xuxurlatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.