Bazkaloste gehienak Hendaiako kai-mutur zaharrean arrantzan eman ohi dituen jubilatuari hiru gazte paratu zaizkio aldamenean, bere gusturako gertuegi, kanabera garesti bana eskuetan hartuta. Haria uretara luzatu orduko, lo-kuluxkarako gertu jarri da motelena, harkaitz lauenean etzanda. Bigarrenak ez dio amuan eror litekeenari begirik kendu nahi, eta bere kanaberari paraleloan gelditu da tinko, guardian dagoen zaindaria nola. Hirugarrenak, berriz, Decathloneko aulkitxo tolesgarria zabaldu, bertan eseri, bizkar-zorrotik termoa atera, izterren artean kokatu eta hitz-aspertuari ekin dio, Kukitxa gora eta Kukitxa behera, makila dirudien lagunari zuzenduta itxura batean, baina bokalearen bestaldeko gorrenek ere entzuteko moduan. Hiru urteko tea dela Kukitxa, eta bertute apartak dituela beste gainerako te guztien aldean, eta hura edaten dutenek utikan egiten diotela minbiziari, eta hain zuzen horrexegatik hartzen duela berak ere, eta goizetan ahal dela baraurik, baina baita otorduen ostean ere, kafearen ordez, eta beita nahikoa eman ote dioten amuei, eta tragoxka bat nahi ote lukeen inork, eta tar-tar-tar, tar-tar-tar...
Arrantzale jubilatuari, hemen sarri entzun ohi den espresioak alde egin dio hamaikagarren minutuan: «Ah, les espagnols!».

BIRA
Arratsaldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu