Laster amaitu da menia: goibel etorri da iraila, aterkiak nahi baino lehenago hartzera behartu gaitu, txankletekin batera udako kaskarintasun arnas emangarria armairuan gordetzera. Adibidez, Javier Paniagua 45 urteko langileak bere buruaz beste egin du, Sunsudegui enpresak emandako hitza jan eta bigarrenez kalean utzi ostean, langabeziagatiko kalte sarien erdia galduta. Edo 33 urteko J. A. R. lasartearra lanean ari zela hil da, kamioarekin 10 metroko lubetan behera erorita, sindikatuen arabera, galgek huts eginda, eta, azken buruan, azpikontratatzeak segurtasunera ekarritako murrizketen ondorioz. Edo albistegietan agertu ez den arren, antidepresiboak hartzen hasi da Marilena, urteetan zaindu duen amona hil zenetik diru sarrerarik gabe baita, ez kalte-ordain ez bestelako sari, aurreztutakoa jaten, sorterritik urrun, maiteei ezinaren berririk emateko adorerik gabe.
Barrua goibeldu zaigu, haserre gaudela aldarrikatu dugu —klase guztietako politikariekin, horra mantra—, eta zabaldu dugu aterkia —gora txanpions, sanmamesberri eta zinemaldiak—. Haserre gaudela aldarrikatzen dugu, baina auskalo nor eta zerekin —nor eta zeren kontra, eta, batik bat, nor eta zeren alde—, ez baikara aterkia itxi, eta ez ezpata, ez akuilu, bihurtzeko gauza.

Bira
Aterkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu