Presaz eta denbora eskasiaz pentsatzean beti akordatzen naiz lagun baten aitonarekin. Laboraria zen, eta entzun nahi zuen guztiari esaten zion berak ez zekiela gazteek aipatzen zuten denbora falta hori zer zen, ez zekiela zer zen atseden luzaren beharra izatea, oporrena.
Lagunaren aitona lo ez zegoen bitarte guztian aritzen zen lanean, zerbait egiten, esku artean zerbait zuela, baina azpimarratzen zuen soroan ari zela inor albotik pasatuz gero beti zuela astia hitz-aspertu baterako, honetaz eta hartaz lasai ederrean jarduteko. Berdin beste edozein zereginetan ari zela.
Lagunaren aitonaren baserrian, garai hartako etxe gehienetan bezala, ez zegoen sofarik. Logelaz eta oheaz aparte, ez zegoen atseden luzerako atondutako beste gunerik.
Guri ezjakinena eta barregarria iruditzen zitzaigun bizitza etenik gabeko lanaldi gisa hartze hura; astakeria sofarik gabeko etxebizitza bat.
Orain ez dago sofarik gabeko etxerik, astialdirako prestatu gabeko logelarik. Lanaz bestekoa, etena, entretenimendua, izendatu dugu bizitza. Irakurri berri dut gero eta gehiago direla etxeko sofatik edo ohetik lan egiten duten profesionalak, erosotasun seinale. Eta horra paradoxa: etenaren, entretenimenduaren eta bizitzaren ustezko tenpluak irentsi dituela enpleguak, eta geratu garela atsedenik gabe.

BIRA
Atsedena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu