Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Aulkia

2013ko martxoaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sinetsi genuen konpromiso eta engaiamendu bezalako hitzak gure hiztegietatik ezabatzeak egiten gintuela libre, norbere autoarekin abiadura mugarik gabe ihes egitea zela askatasunaren gailurra: ni eta mundua, mundua eta ni, bitartekaririk gabe. Hautsi egin genituen loturak, besteak kafe-makinako txisteetara, igogailuko eguraldi iruzkinetara eta gimnasioko animo trukeetara murrizteraino. Eta bakartzearen sari agindu ziguten lur hura zingira irenstaile bat besterik ez zela ohartu ginenerako, aulki huts bat baino ez genuen lagun: balkoi ertzera igo eta norberaren etxetik —norbere oskol? norbere buru?— heriotzara jauzi egiteko lagun ezinbestekoa. Beren lana bete besterik egin ez dutenen segizio konplizeak aurkituko duen lekuko isil bakarra.

Zer diren gauzak: konpromiso eta engaiamendu bezalako hitzak gure hiztegietatik ezabatzearen ondorioz, aulkia eta norberaren bizitza bihurtu dira zingira irenstaileari aurre egiteko arma ia bakarrak, kontzientziak eta sareak esnatzeko lehergailuak. Nahiago nuke beste suizidio bat gehiagoren beharrik gabe denok kalera aterako bagina. Eta, nahiago nuke, izango bagenu moduren bat Amaia Egaña eta Ibarrekolandako Jose Antoniori esateko beren hautua ez dela alferrikakoa izan, ekintza politiko emankor bat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.