Onintza Enbeita.
BIRA

Aulkiak

2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Zaila da gurpil aulkiarekin kalean ibiltzea. Espaloien altuera, lurzorua, eraikin publikoetarako sarrerak, zenbait plazaren irisgarritasuna... Egoeraren behin-behinekotasunak lasaitasuna ematen du, baina kezka betiko gelditzen da. Gure gizartearen antolakuntzak ez du bizitza errazteko pista askorik ematen. Esate baterako, inori ezer kendu gabe, baina itxialdi ostean tabernetako terrazak handitzeko espaloiei gehigarriak jarri zitzaizkien hirietan. Probisionalak izango ziren, baina jarri ziren. Espaloi horietan beretan ez da munduko gauzarik errazena ume bat aulkian daramazula pasatzea, edo gurpil aulkian. Estuak dira eta eskailera handiegia dute edozein gurpil daramazula ere, errepidera salto egin eta gero berriro altxatzeko. Denetariko obrak egiten dira, eraikin inteligenteak. Zenbait herritako plazatara sartzeko, ordea, derrigor igo edo jaitsi behar dira eskailerak.

Bizitza, hiriak, kultura, ohiturak, hezkuntza, aurrekontu publikoak, osasun sistema... edozein gauza antolatzen dugula ere, ez dugu gu baino atzerago edo astiroago datozenengan pentsatzen. Taberna komunera joateko gogoaren arabera aukeratu beharra ez da erosoa. Ezta oinezkoentzat omen diren lekuetan, eserita lasai kafea hartzen ari direnen artean, gurpilentzat lekua irekitzen ibiltzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.