Onintza Enbeita.
BIRA

Aurkezpena

2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Tourraren aurkezpen ekitaldian lekua izan zuen euskarak. Leku zabala. Euskal Herria munduari aurkezteko modu bakarra euskara da, izan ere. Kontua da ostegunean, Bilbon, ez zela Euskal Herria aurkezten, Tourra zen aurkezgai eta protagonista. Ikurrinak eta Palestinako banderak astindu zituen publikoak hainbat momentutan. Momentu horietan gertatzen ari zenaren parte izan nintekeela pentsatu nuen. Gero, egia da, txirrindulariak txapelekin ateratzearenak-eta muturra pixka bat okertzera eraman ninduen. Gustatzen zaizkit txapelak eta badira gure tradizioaren sinbolo garrantzitsuak, baina ez dakit, bada, folklore errazera jotzen ez dugun sarritan.

Edozelan ere, aurkezpenean euskarak izandako lekua ikusita, pentsatzen hasi nintzen gaur eta bihar gure errepideetan egongo diren ertzainek hala hartuko dituztela euskaldunak, eta ez ditugula bakarrik welcomeak ipiniko herrietako plazetan. Pentsatu nahi dut inbasio baten moduan etorri zaigun zera honek ematen digun proiekzioa euskaraz egiteko aprobetxatuko dugula, baina nire poz txikia egun hauetan Euskal Herritik kanpo egotea da. Hala tokatu zaidalako atera naiz, baina ez dut ernegatuko guztiari ingelesezko, frantsesezko eta gaztelaniazko izenak jartzen zaizkiolako edo bidea mozten didan agente publikoak euskararik ez dakielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.