Onintza Enbeita
BIRA

Autozentsura

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beti esaten dut ez dudala berriro egingo. Ez dudala berriro esango nire bizitzako gizona edo emakumea ezagutu dudanik, maitemindu naizenik... Kontua da, nire bizitzan nor zer izango den jakitea zaila den bezala, erraza dela konturatzea begirada batekin maitemindu egin zarela. Nahiz eta egun bi barru tximeleta hori tripetatik alde egina izango duzun. Hala ere, momentuan, geure burua mugatzen dugu askotan. Hasten zara pentsatzen, zein gaztea den, edo zein zaharra, edo ezkonduta egongo da, ez natzaio gustatuko, nola egongo da niri begira?, gaur ez da egun egokia... baina zuk begiratzen diezunean begira dituzu begi horiek eta dios! Ezin diezu eutsi. Orduan, hamasei urte zenituen garaira egiten duzu atzera, eta fitxen bila hasten zara poltsan. Ahaztuta daukazu nola sartzen ziren, baina gaua motza da, zure herritik urrun zaude, eta zerbait egin nahi duzu. Aspaldian ez duzu egin, baina gaur bai. Total, ezertan hasi zarenerako etxerako ordua da: fitxa bi sartzen asmatu duzu. Kaka zaharra! Ze torpe zauden, Onin. Eta begi horiek izaretan bueltaka jarraitzen dizute, eta azkenean esan egiten diozu norbaiti: nire bizitzako gizona ezagutu dut. Eta berak esaten dizu: eta? Eta orduan hankekin lurra jotzen duzu eta konturatzen zara espabilatu ezean zaila dela larrutan egitea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.