Onintza Enbeita
BIRA

Bakoitza

2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Eskolak itxi dituzte. Bromak amaitu dira. Aukera bi ditugu: gomendatutako neurriak betez eutsi, edo supermerkatura joan eta ahal dugun guztia erosi. Jendeak bigarren aukerari heldu omen dio. Eskuak garbitzeko xaboi bereziak agortu egin dira, alkohola agortu egin da, mutur aurrekoak agortu egin dira. Eta behar dituenak non eskuratuko ditu behar ez dituenak eraman dituenak? Ez dago erantzunik: bakoitzak bere atzea salbatzen du hemen.

Umeak etxera datozenean benetako krisia sortuko da: zaintzarena. Ikusiko da ea bakoitzak bere ipurdia salbatuko duen ala sarean antolatuko. Aitona-amonen esklabotzaren kapitulu berria izan daiteke koronabirusa gelditzeko kanpaina. Edo ez.

Baina betikoek majo aprobetxatuko dute hau ere. Lantegiek EREak onartzeko baliatu dute birusa, orduak zorretan dituztela geldituko dira langile asko, eta umeak etxean zaintzeko baimenik ez dute onartuko gehienek. Bitartean, laborategiren batean koronabirusaren kontrako txertoa sortu nahian dabiltza, eta laster saldu egingo digute. Eta dirua betikoentzat izango da, eta kontrolik gabeko aire autopistak irekiko dira, eta soldata miserableen truke kontratatuko gaituzte eta beste birus bat etorri arte lasai egongo gara. Eta hura datorrenean, berriz ere hustuko ditugu supermerkatuak geure burua salbatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.