Zutabe hau Baionako manifestazioari buruzkoa zen, baina Barakaldo amildu zait gainera, bonba bat bezala. Barakaldo: behinola, labe garai latzen eta esku hutsik iritsitako langileen aterpe halamoduzkoa; egun, Ikea eta BEC tarteko, erdiko klase aberats pentsaerako jatorraren erromes leku lustretua. Barakaldo birmoldatu eta apaindua: industria basaren aroa gainditu eta zerbitzuen garai kosmopolita eta globalean kokatua. Hots, azken bi hamarkadetako ameskeria kolektiboaren ispilu gardena. Eta, atzodanik, Amaia Egañak espaloian utzitako arrastoen bidez, gainbehera kolektiboaren argazki are eta gardenagoa.
Bonba bat bezala amildu baitzaigu gainera Amaia Egaña, amets izaten hasi eta amesgaizto bihurtutako laugarren pisuko etxebizitzatik. Lur jota utzi gaitu, abailduta, senide eta bizilagunak bezainbat, zentzuzko herritarrak oro; baita agintari eta epaileak ere. Eta guztiz maiztutako hitz eta asmo onak ekarri ditugu berriro ahora: drama humanoa, irtenbideak bilatu behar ditugu... Eta bai, oraingoan asmatuko dugu desjabetzeak leuntzeko adabakiren bat. Baina nekez joango gara erroetara, eta ez dugu aitortuko programatu eta aurreikusitako hilketa bat izan denik. Dantzan jarraituko dugu, bankuen esku odolez beteei estu-estu helduta; geu ere, odolez zikintzen.

Bira
Barakaldo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu