Uda guztietan gertatzen zait. Denetarik probatu dut: eskumuturrekoak, baratxuria, kremak, limoia... Ez dago modurik. Tenperaturak gora egiten badu, eltxoen ziztadaz betetzen naiz. Umetan, hazkarik ez egiteko esaten zidaten, baina orain pentsatzen dudan gauza bera pentsatzen nuen orduan ere: «Eutsi zeuek gura baduzue!». Erosten ditut uda oro ukenduak eta ematen ditut amoniakozko botikak, baina azkenean hazka egiteak baretzen du azkura. Birritan amaitu dut larrialdietan eltxoen eztenkadengatik: behin Euskal Herrian eta beste behin Kuban. Ozeanoaren beste aldean turista gajo bat gehiago izango nintzen, baina Euskal Herrian diagnosia egin zidaten: zelulitisa eltxoen eztenkadaren ondorioz. Zelulitisa. Gorputzeko beste alde guztietan ere arrazoi berak sortutako gehiegizko koipea dudala sinesten saiatzen ari naiz ordutik.
Ez dut gogoratzen betondoa, izterra, besoa edo ipurmasaila hazita izan ez dudan udarik. Beti badut zerbait nonbait. Lagun batzuek esaten didate eulien kontrako ezer ez jartzeko etxean, eltxoek ere bizi egin behar dutela. Ados. Bizi daitezela kanpoan; etxe barruan, ez. Aitortzen dut: gorroto zaituztet sekula ezerk heldu ez dizuenok. Ez dakizue ze gogorra den oporrak erreka bazterrean edo mendian pasatzea, badakizunean eltxoen bazka izango zarela.

BIRA
Bazka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu