Ispiluari begira dago Julen, berriro ere. Laster entzun du amaren deia komuneko ateaz beste aldetik: zertan ari den. Begira jarraitu du, isilik. Arreta handiz aztertu ditu bekain gero eta sarriagoak; hain sarriak, eze lerro bakar bihurtzen ari zaizkion begi tartean. Ez daki nondik datozen, nondik sortu diren, baina ez dira bereak, ez ditu nahi. Parean ikusten duen hori ez da Julen. Amaren nezeserretik pintzak hartu, eta tira egin du indartsu ileetako batetik. Min hartu du.
Aita du orain ate-joka: zertan ari den, zazpiak direla, etxeko lanak egiten ez dela hasi ere egin eta afaltzeko ordua gainera etorriko zaiola. Ama entzun du ondotik, komuneko ateari krisketa kendu egingo diotela esanez, ez dela posible han hainbeste denbora pasatzea. Eta berriro galdera, zertan ari den. Banoooooooaaaaaa ganora gabeko batekin erantzun die, bakean utz dezaten.
Triste baitago Julen, oso. Ez du ezertarako gogorik, ispilura begira egoteko ez bada. Zain: ea berriro agertzen den Besamotz pirata, edo Peter Pan, edo Spiderman, edo Odd, edo ikerlari ausarta. Lehen bezala. Azkenaldian, ordea, bekain sarriak baino ez zaizkio ageri.
Hara! Eta iletxo beltz batzuk ezpain gainean.

Bira
Bekainak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu