Gure umeak polizietara jolasten diren bitartean norbera izan nahiaren jolas amaiezin horretan aritzen gara gurasoak parkean, hizketan. Haurrak izaten dira abiaburu, helburu. Galderak, asko. Adibidez, inork ezagutzen al duen zorriak betiko aldentzeko modurik. Edo inork ba ote dakien zein adinekin hartzen dituzten dantza taldean.
Eta horrela hasten da eratzen aholkuz osatutako txirikorda bat, batzuetan elkartasun zintzoenaren mamitze, bestetzutan ezkutuko botere-harremanetan bermatutako juzku sorta bat: esaterako, plaza ondoko ingeles akademian metodo berri bat lantzen dutela eta oso garestia izan arren erabat gomendagarria dela. Edo badela tableterako aplikazio bat umeen adimen potentzialak lantzeko bikaina.
Eta segida horretan berehala datoz kezkak: alaba lotsatia dela eta lagunen bullying-aren biktima bihurtzea duela amesgaizto dio batek. Albokoak, berriz, berea mugituegia dela, eta, ondorioz, irudipena duela irakasleak mobbing egiten diola. Eta ohartzerako aho batez adierazi dugu zein dugun beldur nagusia: parkeko zurrunbiloan norbaitek gure umea eramatea, ebastea.
Nahiago nuke beldur partekatu hori haitzuloetan piztietatik babestu behar izaten genueneko atabismo bat balitz. Uste dut, ordea, jende hipermodernoon gaixotasunaren adierazpen dela, hurkoa mehatxu bihurtzearena.

Bira
Beldurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu