Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Bibotea

2012ko abenduaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Etorri da turista estatubatuar bat Bilbora, eta taberna batean eskatu du urdaiazpiko tipical spanish ogitartekoa. Okertu da zerbitzaria, eta ogitartekoaren ordez urdaiazpiko iberiar anoa eraman dio, plater dotore batean. Bilboko ogitartekoen berezitasuna ogitan ez egotea dela pentsatu du, nonbait, estatubatuarrak, eta ummmm bai goxoa pentsatuz hustu du platera. Ordaintzerakoan ezustekoa: urdaiazpiko iberiar anoa pagatu behar izan du, ogitartekoa baino 8 euro garestiagoa. Handixkoa iruditu bide zaio iruzurra eta laidoa, eta Minnesotako etxera iritsi bezain laster Bilboko alkateari idatzi dio, bere eskubide urratuak aldarrikatuz.

Jaso du Iñaki Azkunak gutuna, eta larria begitandu gertatutakoa, lehenetasunezko arazoa —utikan, gero eta ezin biziago dabiltzan jatorri guztietako bilbotarren miseriak—: berehala erantzun dio turista suminduari, egoteko lasai, segituan bidaliko dizkiotela 8 euroak. Are, tabernara ere joan da, eta aita plantan jarrita errietatxoa egin die. Ondoren, irratira eta periodikora, jazotakoa graziaz kontatzera, eta, bidenabar, probetxuzko bilbotarrei gaztigatzera turistak mimatzea dutela misio. Gustura atera da, badakielako balentriak boto mordoxka sendotu diola.

Zer diren gauzak, Berlusconiri bibote zurikara dotorea hazi zaiola egin dut amets.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.