Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Bihotzerrea

2014ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ez nuen hau aipatzeko batere asmorik Espainiako kirol kazetaritza zoldatsu, harro eta matxoenari kritika egitea itsasoa euriz ureztatzea baino ariketaalferrikakoagoa dela iritzita, baina tira. Kontua da desgaraiz hartutako kafe batek loa eragotzi zidala astearte gauean eta irratia piztu nuela narkotiko bila. Ahots batzuk kirolaz hizketan sumatu nituen eta pentsatu erretolika hartan aurkituko nuela loa. Laster hasi zen, ordea, zalaparta: Jose Ramón de la Morena zen esataria, eta Gala León Espainiako tenis taldearen buru hautatu berria eta Rafa Nadal tenislari izarraren entrenatzaile Toni Nadal, berriz, gonbidatuak.

Grinaz ekin zion Nadalek Leónen aurka, argudio bakar batekin: ez dagoela Espainiako tenis taldearen kapitain izateko prestatuta, emakumezkoa delako. De la Morena, berriz, kazetari rola ahantzi eta Nadalen ezkutari aritu zen. Eta León zaparradaren erdian hitza hartu ezinik. Hori bai, bi gizonek ez zuten oihurik egin, dena esan zuten oso adeitsu, aitakeria nabarmenez, jaunskiloen trazan, argi utziz badakitela emakumeak goxo tratatzen. Eta etengabe, «hau ez da matxismoa» makulua erantsiz. Insomnioari bihotzerrea erantsita itzali nuen irratia.

Ez nuen hau aipatzeko batere asmorik, datorren asteartean De la Morenak saioa Eibartik egingo ez balu eta haren babesle Eibarko Udala eta Jaurlaritza ez balira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.