Onintza Enbeita
BIRA

Bikotea

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asko izan dira gaurko egunez neska edo mutil lagun bila Urkiolara joan direnak. Inork ez dakien lekuren batetik eroritako edo betidanik hantxe egondako harri bati bueltak ematea da gauero ohean norbaitekin sartzeko formula. Binaka bizi den gizarte batean jaio ginen, eta banaka bizi nahi duenak zail dauka bereari eusten epaitua izan gabe. Izan ere, inorekin ezkondu ez denak edo bere etxea inorekin konpartitzen ez duenak zerbait arraroa izango duela esaten du jendeak: «zerbaitegatik egongo da bakarrik» esan ohi da, binaka bizi direnak bakarrik egongo ez balira legez.

Binaka bizi garenok, ordea, hirunaka bizi bagina bezala hitz egiten dugu. «Hau nire bikotea da», esaten dugunean, nahastu egiten naiz esan nahi dugunaren eta esaten dugunaren artean. Bikoa norekin osatzen dugun esateko bikotea hitza erabiltzea ez dakit zuzena den hizkuntzari dagokionez, baina gure bikoteaz hitz egiten dugunean, ematen du gutaz aparte beste bi pertsonaz ari garela. Inuzentekeria bat izango da agian, baina inoren laranja erdia ez garela ikasi dugun moduan, bikoteka bizi garenean, bikote horren erdia garela onartu behar genuke. Hori bai: banaka osoak garela buruan ondo sartuta. Burbuilak modan dauden garaiotan, ez genuke ahaztu behar nahikoa ohituta egon garela burbuiletan bizi izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.