Ainize Madariaga

Bistaberri platoa

2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Poliziakide bat biluziko bagenu bere armaz, boterez hustuko genuke. Ahalguziduna izatetik, satitsua bezain baketsua izateko parada luke. Hertuko litzateke bere tamaina sinboliko ozar hantua, eragite ahalmen puztua, kasik urrikariko genuke. Fini hierarkia.

Bada, Baigura kaskoraino heldu da albistea: Ortzaize bide saihetseko radarra Carrero Blanco bezain goraki airatu baita tontorreraino.

Paisaia ezin bukolikoaren erdian plantatu baita Blade Runneren zipriztin metalikoa.

Sare sozialen ingurua egin du berriak, baizik eta giroz aldatzeko beharretan zela radarra, usoak zenbatzen hasiko dela ehiztarien faboretan, kasu korrikalariei zaluegi lasterka egin gabe, hegazti migratzaileak behatuko dituela, erretreta ederra hartu duela... Gibeletik hartu potretean nabari da erroitzaren hegi-hegian pausatua izan dela, hala, oharñoa gehitu diote: «Aupa! Bai, egin ezan jauzi!», bere buruaz bertze egiterat akuilatuz.

Kutxa blindatu larderiatsua ororen irri egingarri bilakatua da, gauza hotz gorrotagarria pertsonifikatu du plato menditsuak. Ikuspegi aferak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.