Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Bizigarri

2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nor ez ote da jarri noizbait gau ilunean izarrei begira, eta nori ez ote zaio pasatu burutik han urrun, ilargia baino haratago, orratz buruen pareko izar ñiñirkarien artean izango dela bizitzarik.

Ideia hori burutazio xelebre bat baino askoz ere gehiago da Rene Heller eta John Amstrong astronomoentzat (kanadarra lehena, estatubatuarra bigarrena): beren ikerketa, lan eta pentsamenduaren ardatz dute, eta urteetako ahaleginaren ostean ondorioztatu dute baietz, unibertso zabaleko beste zoko askotan daudela bizitza sortzeko baldintzak. Are, hamaika direla gure hau baino askoz «bizigarriagoak» diren planetak. Besteak beste, bizigarritasunaren parametroak zehaztu baitituzte Heller eta Amstrongek: Lurraren masa hirukoiztuko lukeen planeta bat eta izar K ñaño baten inguruan orbitatuko lukeena litzateke ideala, grabitate eta erradiazio baldintzengatik, eta haiek sortutako erliebe, klima eta bioaniztasunagatik. Heller eta Amstrongen arabera, Alpha Centauri B-ren sisteman badaude baldintza horiek.

Nolanahi ere, izarrei begira dagoela nork ez du pentsatu une batez han urruneko balizko mundu hori, izar ñiñirkarien artean gordetako planeta biziduna, gure hau baino bizigarriagoa izango dela derrigor, ezinezkoa dela inon gizakia baino ezer suntsitzaileagorik aurkitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.