Okurritu zait 2022ko notiziarik irakurrienak zeintzuk diren begiratzea BERRIAn. Harritu egin nau zenbat jende interesgarri hil den irakurtzeak; baita haien heriotzak notizia irakurrienen artean egoteak ere. Ez merezi ez dutelako, baina bai munduan gertatzen ari den guztiarekin, oraindik ere morboak asko mugitzen gaituela iruditzen zaidalako. Hiltzen den orok dauka negar egiten dion norbait: Francori ere negar egingo zioten askok. Kontua da beste guztiok zertara sartzen garen hildakoei buruzko notizietara, eta hemen ez naiz BERRIAk bildutako hilez bakarrik ari. Izan ere, ez da berdina miresten duzun sortzaile edo ekile euskaldun baten heriotza edo Ingalaterrako erreginarena. Nik hainbat aldizkari erosi nituen bigarrena hil zenean, zaurietan usain egitearen plazer hutsagatik: nor ikusi zuen azkenengoz, zer jan zuen ohera joan aurretik, gaixorik ote zegoen, benetan noren esku utzi ote zuen boterea... Satisfazioa sortzen du beste guztiek ikusi ez duten zerbait deskubritu duzula jakiteak.
Ez dut esan nahi irakurle guztiak ibili direnik besteen heriotza berrietan usnaka, baina morbosoa bezain humanoa da hori ere: hileta kristauen idiosinkrasia besteen minaren exhibizioan oinarritzen da. Tristea eta indar-emailea da zenbat pertsonari bizirauten ari garen jakitea.

BIRA
Bizirautea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu