1937ko apirilaren 29an sartu ei ziren faxistak Gernikara, lurrez. Gauza jakina baita hogeita seian han egonak zirela: airez. Esaten dute hiru gau argitu zituela Gernikako suak. Eliza zutik utzi zuten, baita Juntetxea ere; Errenteriako zubia eta Astra ere ez zituzten bota. Eta han, Astran, armak egiten jarraitu zuten. Bertako askok, nahiz eta haien kontra erabiltzeko zirela jakin, armak egitera joan behar izan zuten goizero. Erraz esango dugu orain guk ez genukeela halakorik egingo, baina egon egin beharko zen han, duela 83 urte, goian zerua laino eta behean lurra hauts. Gordelekuetatik atera egin beharko zen han, zerbaiten bila, bizitza zati baten eske, osorik geldituko zen zerbait aurkitzeko esperantzan. Zubia, etxe bat edo bi, arma lantegia, eliza eta Juntetxea baino ez zeuden.
Ezer gehiago azaltzerik ez zuen beharko orduan ere ulertu nahi izan zuenak. Bodegoi ederra: arma lantegia indarra inposatzen jarraitzeko, eliza beldurra hedatzeko eta Juntetxea faxistak hain gaiztoak ez direla sinesteko. Armak utzi dauden leku guztietan, elizari tradizioa eta erlijioak gehitu eta Juntetxearen lekuan hedabideak jarri. Orain, begiratu munduko edozein gatazkatara eta gauzek antzera edo berdin funtzionatzen jarraitzen dutela ikusiko duzue.
BIRA
Bodegoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu