Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Bokazioa

2014ko uztailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Larunbatean 3.699 lagunek egin zuten ertzain izateko lehen azterketa,BECen. 5.405 ziren enplegu lehiaketarako izena emanda zeukatenak, baina azkenean, 1.706k ez aurkeztea erabaki zuten. Pentsatu nahi dut haietako hainbatek atzera egin dutela beldurgarria egin zaielako beren burua txano beltzarekin mozorrotuta irudikatzea, esate baterako, etxe desjabetze baten aurka protestan ari diren herritarrak izutzen, edo herri harresi batean elkarri lotutako jendea jipoitzen.

Halaber, pentsatu nahi dut Ertzaintzaren XXIV. Promozioko 120 plazetako bat eskuratzeko asmoz aurkeztu diren 3.699 lagun horietatik gehienek bestelako ametsak zituztela beren buruentzat. Hots, ile apaintzaile, astronomo, mediku, aktore edo artzain arituko zirela erantzuten zutela umetan etorkizunaz galdetzen zietenean, eta bizitzaren okerkeriak eraman dituela ertzain izatearen atarira. Are, pentsatu nahi dut lehen proba gainditu duten 1.013 lagunen artean guztiek desio dutela enplegua lortuz gero bulegoan lan administratibo aspergarrietan aritzea, edota trafikoa zuzentzen, edo zaharrei errepideak igarotzen laguntzen, edo lainopean galdutako mendizaleak aurkitzen. Nahi dutela jostailuzkoak izatea gerrian eraman beharreko armak. Pentsatu nahi dut ez dutela polizia bokaziorik. Ertzaintzaren onerako. Guztion onerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.