Onintza Enbeita
Bira

Borobilean

2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Borobilean bizi gara, zikloka. Sokaren mutur biak borobilean elkartu, eta katebegiak osatzen ditugu. Demagun eguna argitzen duenean sokamutur bat daukagula eskuetan, eta gauean, egin beharreko guztiak eginda ohea zabaltzen dugunean han dagoela beste muturra. Biak batu, eta osatzen dugun borobilak eguna itxiko du, eta zazpi borobil katean lotuta astea egingo genuke, eta lau asterekin hilabetea, eta hamabi hilabeterekin urtea. Eta halaxe bizi gara: egunak gaua dakar, eta gauak berriro argitzen du eguna; udak udazkena dakar, baina neguak udaberria zor du berriro ere. Eta guri buruan sartu zaigu lerro zuzen bat osatu behar dugula jaiotzen garenetik hil arte, eta hor goaz negua denean hotz egiten duelako eta udan beroa egiten duelako haserre, geure oinei begira oinez, lerroari jarraika. Altxa burua eta egin borobilak lerro zuzenean. Hasten den oro amaitzen da: harremanak, bidaiak, lagunak, lana, obrak… Hasierak eta amaierak korapilatu eta borobilak ixteak lagundu egiten digu ziklo berriei ateak zabalik itxaroten. Lerro zuzenak ez du muturrik lotzen eta ez du ziklorik ixten; aurtengo udaberria iazko neguaren jarraipena baino ez da. Eta orain dugun aro hau berria da. Ezagutzen dugun pertsona bakoitzaren moduan, edo hasten dugun lan bakoitzaren moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.