Naturopata da eta bere negozioa muntatzekotan. Berdin Ipar Euskal Herrian edo berdin Biarnon, frantsesa da bera. Ez: berdin, ez, sakelak du manatuko, atzemanen duen lokalaren prezioak. Hori du printzipio bakarra, naturala. Halako batean galdetu zuen: «Zer da hizkuntza minorizatua?». Hiztun minorizatuak, orduan, azaldu zion, ahal bezain adibide pragmatikoa erabiliz, eginahala fite endelega zezan kontzeptua. «A, konprenitzen dut: Finlandiarat joanen banintz bezala da eta ez jakitea norekin egin dezakedan frantsesez eta norekin bai, estres hori da?». Partez xuxen zegoen, salbu: «Hemen etxekoa, nehorat joan behar izan gabe, etxean dela arrotz», erantzun zion euskal hiztunak. Zuzentasunaren izenean ere Frantziak deliberatu du 2024ko brebetaren kontsignak eta horiei erantsitako dokumentuak oro frantsesez izanen direla Euskal Herrian ere.
Frantziak beharko luke brebetatu (patentatu) bere zinismoa, bere zanpaketa sotila. Zinez baitu horretan hari luzeko esperientzia eraginkorra. Mendeetakoa, eta anitza.