Izatea definitzen hasita, zein nolakotasun baliatuko zenuke zeure buruaren berri azaltzeko? Arrazional eta matematikoa zarela esango zenuke, edo gorputzak duela espresioaren zama hartzen? Nora jo ohi duzu zeurez, logikara, artera, hizkuntzara, forma geometrikoetara, eskulanera, jendarteko harremanetara, musikara… Horoskopo exotikoren batetik hartutako irizpide multzoa baino, neurozientziek, aparretan aspaldion, hitzetik hortzera darabilten muina da artikuluak dakarrena: «Zortzi inteligentzia mota bereizi dira. Zein da zurea?». Pilororaino irentsi dio amua gasolindegiko langileak, apenas begiratzen dien erregaia ordaintzera heltzen zaizkion bezeroei.
Inteligentzia anitzaren teoria irakurriz, logika matematikoaren pare goraipatuta ikusi ditu bere seneko gaitasun gutxietsiak, eta amorratu egin da. Madarikatu egin ditu, artaburutzat jo zuen eskola sistema, azken putzen zakura bazterturik zenbakiak zaplaztekoka pasarazi nahi izan zizkion eskolapio malapartatua eta Jean Piaget bera, adimen-koziente monolitikoaren aita pontekoa.
Zalantzarik gabe, ministro izateko moduko inteligentzia aitortu dio bere buruari. Azken bezero presatuak, sosak gaizki itzuli dizkiolako, gasolindegi triste horretan aritzeko adinakorik ere antzeman ez dion arren.

BIRA
Burmuina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu