Sudur puntarat heltzen zitzaizkidan kafearen urrin-zirimolak eta belarri-ahorat xuxurla herabeak.
Itsas hegiko uraren joan-jinak nola, edo xakur-kume izutuak nola; hala-hala, orain hurrandu, orain ihesi egin, amatxiren etxeko iratzartzeak horrelakoxeak izaten ziren.
Argi hasteak kolpez hartzen ez duen bezala osoki zerua; leiho-zulotik sartzen ziren lehen argi-diagonal ahalketuak. Lozorrotik arrantzatzen ninduten amatxiren marmarrek, berriz ere loaren kulunkek gatibatzen uzten, eta hola, arrunt ernatzen ninduten arte.
Amatxi bera zen etxean, hobeki erranik, bera eta bere burua(k). Beti ezagutu dut bere buruarekin solas egiten.
Adiskideak entzun nau mintzatzen, nihaur nintzelarik gela horretan. Arranguratu zait: «Zer, hire buruarekin mintzo?». Ezetz; ez oraino: audio bat grabatzen aritu naizela. Irrien artetik, deliberatu dugu ez litzatekeela kezkagarria izanen geure buruarekin mintzatzea, baizik eta hari ihardesten hastea.