Jonek eman dizkigu MindMeld proiektuari buruzko azalpenak, Joxe Rojasen Teknopataren txokoa blogean leitu omen ditu: teknologia berri horren helburua ei da erabiltzaileen elkarrizketak entzun, aldi berean aztertu, eta, berehala, erabiltzaileak eskatu gabe, haietan oinarritutako informazioa itzultzea, dena ahots bidez. Esaterako, lagun batekin telefonoz x tabernan geratuz gero, deia amaitzean, telefonoak, bere kabuz, taberna horretara iristeko argibideak ematea. Samsung, Intel edo Telefonica omen sustatzaileen artean.
Zur eta lur geratu gara denok. Orwell, 1984, kontrola, bota ditu arrapaladan Txemak. Hala ere, Aitziber aritu dazorrotzen: saltzaileentzat, korporazio handientzat, mauka dela hori, gure desirez jabetzeko modua. Jartzeko pentsatzen: eguzkia aipatu orduko kosmetiko, bainujantzi, dieta, bidaia eta surf ikastaroekin bonbardatuko gaituztela, desira sortzeraino. Arrazoia eman diogu, ikaragarria datorkigula, zerbait egin behar dugula gure umeak horretatik babesteko.
Agurtzerakoan esan diet asteburuan ez naizela herrian izango, Kantabriara noala Ferrari bat gidatzera: 7 kilometro, 59 euroren truke, normalean baino %40 merkeago. Baietz, gidatzea gorroto dudala, baina Interneten aurkitutako eskaintza hori hain dela ikaragarria, eze ezin izan diot uko egin.

Bira
Desirak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu